ELOY DE LA IGLESIA

  ERAKUSKETA   ELOY DE LA IGLESIA PUBLIKO OROKORRA   EDIZIOA  

  

BIO-ELOY  

 

ELOY DE LA IGLESIA

 

Zarautz 1944 - Madrid 2006

 

 

 Eloy de la Iglesia Bartzelonan Semana del Cine de color festibalean 1977an.

 

Eloy de la Iglesia (Zarautz 1944 – Madril 2006) zinema zuzendariak eta gidoigileak 60ko hamarkadaren erdialdean egin zituen bere lehenengo lanak. Espainiako alderdi komunistako kidea eta homosexuala izateak eta bazterreko gizarte errealitateak zuzen eta naturaltasunez erakusteko haren interesak egoera deserosoan jarri zuten, zinema zentsuraren aurrean.

 

Obrari dagokionez, Pasolini, Rainer Werner Fassbinder edo Pedro Almodóvar bezalako errealizadoreekin parekatu izan da.

 

Zinema ikasketak Parisko IDHECen egin zituen; lehendabizi, Zinematografia Eskola Ofizialean sartzen saiatu zen, baina ez zuten onartu eskatutako gutxieneko adina ez zuelako.

 

1966. eta 2003. urteen bitartean, 22 film egin zituen guztira, askotariko gaien inguruan:ipuin klasikoak, beldurrezko istorioak eta polizia filmak, bazterreko drogazale eta delinkuenteen istorioak, eta harreman sentimentalen mundu aberats bat, garai hartako ortodoxiatik aldenduta.

 

 

 

Hainbat melodrama ere egin zituen enkarguz (Cuadrilátero,1970 eta Nadie oyó gritar, 1973), baita literatur lanen zenbait egokitzapen ere (Otra vuelta de tuerca, 1985 eta Los novios búlgaros, 2003).

 

Gai polemiko ugari landu zituen demokrazian sartzen hasi berria zen 80ko Espainia hartan, non gai asko plazaratu baitziren, modu irekian eztabaidatzeko.Politikoki zuzenak ez ziren gai guzti-guztiei heldu zien, hain zuzen ere:abortua, sexua (aldaera guztietan, baina homosexualitateari erreparatuta gehien bat), politika, erlijioa edo familia.

 

Eloy de la Iglesiak nolabaiteko ahotsa eman zien baztertutako kolektibo guztiei, statu quoarekin ados ez zeudenei, auzoetako herritarrei, klasegabetuei.Eta modu zuzenean egin zuen, mozorrorik gabe eta ausardiaz.