04.Sala Kubo 1280 x 339 px EU

 

  ERAUKSKETA CHEMA MADOZ   OBRAK   PUBLIKO OROKORRA  

HEZKUNTZA JARDUERAK

 

CHEMA MADOZ

 

Chema Madoz espainiar argazkilari ezaguna da, 2000. urtean Argazkilaritzako Sari Nazionala irabazi zuena. Ezin konta ahala erakusketa egin ditu bakarka, nola Espainian, hala atzerrian. Kritikak izugarri errespetatzen du bere obra sorta, eta, gainera, beste artista garaikide batzuentzat pentsaezina den ospea lortzen ari da.


Zuria eta beltza ditu gogoko, eta bere obrak irudimenezko jolas trebeetatik ateratako irudiak biltzen ditu: ikuspegiek eta ehundurek bilbatzen dituzte bere irudiak.


Chema Madozek denbora dezente darama zilarrezko ideiak margotzen. Bere lanaren bidez, espazio susmagaitzak irekitzen ditu, indar handiko formak. Eta hori guztia gugana iristen da, beti baitakarkigu zerbait gogora, eta mugarik gabeko gogoetara bultzatzen baikaitu.


Madozen argazkien bitartez, naturan modu errepikatuan gertatzen diren formetako eta zikloetako ezaugarri arraroak ulertzeko aurrerapausoak eman ahal izango ditugu.

 

Jose María Rodríguez Madoz, Chema Madoz izenez ezagunagoa, Madrilen jaio zen, 1958. urtean. 1980-1983. urteetan, Artearen Historia ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta, aldi berean, argazkigintza-ikasketak egin zituen, Irudi Eskolan. Madrilgo Real Sociedad Fotográficak jarri zuen egilearen lehenengo bakarkako erakusketa, 1985ean.


1988an, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-eko Minerva Aretoan inauguratu zuen bere argazki-programazioa, bere lanen erakusketa bat jarrita.


Handik bi urtera, 1990ean, objektuen kontzeptua garatzen hasi zen. Eta gai hori etenik gabea izan da bere argazkigintzan, gaur egun arte.


1991. urtean, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalak Cuatro direcciones: fotografía contemporánea española (Lau norabide: espainiar argazkigintza garaikidea) erakusketa jarri zuen ikusgai, hainbat herrialdetan ibili zena. Madozen argazkietako batzuk ere bazeuden erakusketa hartan. Urte berean, Kodak saria jaso zuen.


1993. urtean, Banesto Kultur Fundazioaren Arte Sorkuntzarako Poltsa jaso zuen. Madrilgo Art-Plus argitaletxeak egilearen lehenengo monografia argitaratu zuen 1995ean: Chema Madoz (1985-1995) liburua.


Hiru urte geroago, Murtziako Mestizo, A. C. argitaletxeak liburuki bat argitaratu zion artistari. Mixtos - Chema Madoz (Mistoak - Chema Madoz) izenburua zuen liburuak.


1999. urtean, Santiago de Compostelako Arte Garaikideko Centro Galegoan, ikusgai jarri zituen, bakarka, 1996-1997. urteetan egindako lanak. Urte horren amaieran, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalak bakarkako erakusketa bat eskaini zion: Objetos 1990 - 1999 (Objektuak 1990 - 1999). Horixe izan zen, hain zuzen, museo horrek espainiar argazkilari bati artean bizi dela eskainitako lehenengo atzerabegirako erakusketa bakarra.


2000. urtean, madrildar argazkilariak Espainiako Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen. Urte horretan bertan, Houston Fotofest Biurtekoak "Egile Nabarmentzat" jo zuen. Argazkilari honen lanak gure mugak gainditu ditu, eta Ipar Amerikako hiri horretara ez ezik, Chateau d´Eau de Toulousera (Frantzia) ere iritsi da.


2001. urtean, aitaren heriotzari aurre egin ostean, Caracasko Arte Ederren Museoan eta Arizonako Reinvention Lisa Sette Gallery galerian jarri zuen erakusketa. Bestalde, hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen: besteak beste, ARCOn eta Musée de la Photographyie de Charleroi museoan.


Hurrengo urteetan, egile honen obra galeria eta bilduma entzutetsuetan bilduta agertu zen: Moriarty (Madril), Joan Prats (Bartzelona), Trinta (Santiago de Compostela), Buenos Airesko Arte Ederren Museoa, Cesano Maderno (Milan), International Festival of Photography (Samarana eta Togliati), Juan March Fundazioa, Madrilgo Círculo de Bellas Artes, Canal de Isabel II, Centre Pompidou, etab.


2006. urtean, Telefónica Fundazioak bere azken lanak (ehun bat argazki) bildu zituen, Chema Madoz 2000-2005 erakusketan. Urtebete geroago, Montevideoko Casa de Españatik Odenseko Museet for Fotokunst-era bidaiatu zuen, eta tartean, Kairoko Horizon One Gallery-n eta Kairoko Círculo de Bellas Artes-en ere izan zen.


2008an, Madrilgo gau zurian parte hartu zuen, Luna Gongekin. Chema Madoz: Ars Combinatoria erakusketa ere ikusgai egon da hainbat zentrotan; esaterako, Rotterdamgo Nederlans Fotomuseum-en, Bartzelonako Catalunya-La Pedrera Fundazioan, Santiago de Compostelako Galicia Entzunaretoan, Istanbulgo Milli Reasurans Sanat Galerisi-n, Frantziako Rencontres d’Arles-en eta Salamancako Unibertsitateko Fonseca Aretoan (2010-2015). 2015ean, Chema Madoz 2008-2014. Las reglas del juego (Chema Madoz 2008-2014. Jokoaren arauak) erakusketa antolatu zen, Madrilgo Komunitateko Alcalá 31 Aretoan.

 

 

ChemaMadoz5