04.Sala Kubo 1280 x 339 px EU

 

  ERAKUSKETA CHEMA MADOZ   OBRAK   PUBLIKO OROKORRA  

HEZKUNTZA JARDUERAK

 

ChemaMadoz4

CHEMA MADOZ

 

Ars Combinatoria

 

 

Komisarioa: María Oliva Rubio

 

 

2017ko uztailaren 21etik azaroak 5era

 

 

Chema Madoz (Madril, 1958) egungo arte-eszenako sortzailerik interesgarrienetako bat bihurtu dute artea argazkigintzaren bidez interpretatzeko modu bereziak eta bere ikuspegi poetikoak. Bere lanak gauzakien artean ezkutaturiko harremanak erakusten ditu eta ikusmenaren tranpak ikertzen ditu, leiho bat irekiz guk mundua hobeto ulertzeko.

 

Gertakizuna azpimarratu eta objektuen azpian datzan ironia nabarmendu nahi du Chema Madozek. Objektuekin lan egiten du eta era askotara jartzen da beraien aurrean: aurkituriko objektua aldatu gabea, objektu manipulatua eta berak estudioan asmatu eta eraikitako objektua. Artistak objektuen zizelkaritzat dauka bere burua, argazkilari baten ikuspuntutik diharduelarik, eta esaten du argazkigintza oroimenaren erregistroa dela, bere ideiak finkatzea ahalbidetzen diona. Erabiltzen dituen prozeduretan (objektuei ezartzen dizkien kondentsazioetan, asoziazioetan, elkarren ondoan jartzeetan, desplazamenduetan, ars combinatoria-n, ustekabeko topaketetan…) Madoz surrealisten ahaide da esanahi berrien, ahaidetasun berrien, irudimenari noraezean uzteko bide berrien bilaketa horretan. Desplazamendu, itxuraldaketa, konbinazio edo objektuen arteko harreman-bilaketa hauetan bada halako arintasun bat ere, jokoaren ideiarekin lotzen dena.

 

Sortzaile honen desplazamendu formaletako batzuk minimoak dira, baina berebiziko eraginkortasuna dute. Egunerokoak asoziaziorik bitxienak inspiratzen dizkio eta horietan beti dago joko-atze edo oinarri bat. Keinu eta eraikuntza horietan arraroenak normal itxura izatea lortzen du, sandalia bat botaren gainean jartzen duenean bezala. Gauzen aldaketa sotilak, gehikuntzak edo kenketak, desplazamenduak edo itxuraldaketak, harridura berezi bat sortzen dutenak, erakusten saiatzen da.

 

Erakusketak ibili luzea egiten du Chema Madozen lanean zehar. Artistak oro har izandako ibilbidea jorratzen du, bere lanak orain arte izan dituen estadioen ikuspegi zabala ematen du, baita bere bilakaeraren eta berari deigarri gertatu zaizkion objektuen aldaketen ikuspegia ere.