ERAKUSKETA   ARTISTEN ZERRENDA
  OBRA-SORTA   HEZKUNTZA JARDUERAK  

JARDUERAK

 

 

historiaseusk

 

 

 

   

UGARTE

 

Ignacio Ugarte y Bereciarte

Las Planchadoras (Lisatzaileak), 1889

 

Historia partekatuak. XX. mendea Kutxa Bilduman Kutxa Fundazioaren Arte Bildumako lanen hautaketa berezian oinarritutako erakusketa da, joan den XX. mendean euskal arteak eta kulturak izandako bilakaera nabarmentzea duena helburu, aurreko eta ondoko mendeetan sartu-irtenak eginda.


Arte Bilduma hori Donostiako Aurrezki Kutxa eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa 1990ean batu zirenean sortu zen, orduan egin baitzuten bat euren arte-ondareek ere. Bilduma horrek garaiarekin batera egin du aurrera, eta horixe du ezaugarri nagusietakoa; izan ere, sortu zenetik eta egunera arte, artelan berriak jasoz joan da, etengabe. Modu ugaritara joan da artelanak eskuratzen: erosketak, donazioak, sariak edota espazio jakin batzuetarako enkarguak bide, kasurako. Nolanahi ere, Bildumaren zati handi batek erakundeak artistekin izandako harreman zuzenean du jatorria; hala gertatu da, adibidez, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea eta Rafael Ruiz Balerdirekin, besteak beste.


Lotura harengatik eman diogu erakusketari Historia partekatuak izenburua. Bildumaren osaerari egiten dio erreferentzia, lotura estua baitu jaioleku izan duen lurraldeko gizartearen eta kulturaren bilakaerarekin, ondarearen ikerkuntzan eta zainketan oinarrituta, ezagutzak areagotzeko asmo sendoaz, eta, betiere, memoria gordetzeko baliabide gisa.


Hirurogeita hama lan biltzen dituen hautaketa txiki honetan, funtsean Euskadiko eta gehienbat Gipuzkoako artearen historian barna egiten da ibilbidea, begirada joan den mendeko arte-mugimendu nagusietan bilduta.

     

ARTETA

 

Aurelio Arteta

María, 1918

 

Erakusketari hasiera ematen dion aldia XIX. mendearen azken herena da. Une horretan, sortzaileek garai hartako bi arte-iturrietara zuzendu zuten euren arreta: Madrilera eta Erromara. Bertan, oraindik ere antzematen da, errealismo akademikoaren mugen barnean, argiaren eta kolorearen zentzuaren ikuspegi berria. Erroma izan zen, hain zuzen ere, Valentziako margolaritzaren korrontean funtsezkoa eta postinpresionismoaren ordezkari nagusia izandako Joaquín Sorolla margolariaren eta Ignacio Ugarteren arteko topaketa- eta eragin-gunea. Ugartek 1884an ezagutu zuen Sorolla, ikasketak amaitzera Italiako hiriburura joandakoan. Hasieran arte-eragin handia zen hura adiskidetasun bihurtu zen, Sorollak Zarautzera eta Donostiara egiten zituen bidaiak tarteko. Eta horrek eragin erabakigarria izan zuen, zalantzarik gabe, Ugarte XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Gipuzkoako arte-panoramako funtsezko irudi bihurtzeko orduan.


Aldi berean, eta, bereziki mendearen hasieran, lehen modernitate-seinaleak antzematen hasi ziren, akademizismoaren berezko ikuspegi arrazoitua eta neurritsua naturarekiko irekitasunaren eta inpresionismoaren irudikapenaren subjektibotasunaren alde utzita. Korronte horretako pertsona nabarmena izandako Darío de Regoyosek Bruselatik inportatu zuen hori, bere irakasle Carlos de Haes-ek gomendatuta, 1879an bertara joan ondoren.


Pixkanaka, Erromak galdu egin zuten bere hegemonia, eta Parisek hartu zuen burutza, modernitatearen gune bihurtuta. Hainbat margolari joan zen hara; Aurelio Arteta, Juan de Echevarría, Francisco Iturrino, Ignacio Zuloaga eta Daniel Vázquez Díaz, besteak beste. Mugimendu postinpresionistek (sinbolismoak, fauvismoak, nouzentismoak, kubismoak, futurismoa edo espresionismoak) erakarpen handia izan zuten artista horiengan, eta korronte horiek hainbaten lanetan islatuko ziren: Ignacio Zuloaga, Zubiaurre anaiak, Francisco Iturrino, Juan de Echevarría, Daniel Vázquez Díaz, Aurelio Arteta, Jesús Olasagasti, Bernardino Bienabe Artía edo Gaspar Montes Iturrioz, besteak beste.


Nazioarteko testuinguruak markatu zituen aldi horretako estiloak, baina euskal giroa jorratzen zuten garai horretako lanek. Immigrazioak eta industrializazioak aldatu egin zuten tokiko panorama, landa-paisaia hiritartzen joango zen, eta arteak laguntzen zituen burgesia sendotu zen hirietan. Baldintza horietan, «galdutako munduaren» nostalgia sortu zen, eta horrek abangoardiekin batera bizi diren gai kostunbristen eta tradizionalen sorrera eragiten du.

 

Beraz, horrela definitzen da atal honetan ikus daitezkeen hainbat lanen sorrera eragin zuen giroa; orduan, ezegonkortasun politikoa eta soziala arte-eremuan izandako irakidura handiarekin batera bizi zen. Asaldura-egoera hori gatazka zibilarekin burutu zen.

     

BALERDI

 

Rafael Ruiz Balerdi

Composición 86-1 I (86-1 konposizioa  I), 1986

 

Gerra Zibilak eta gerraosteak arrail handia ekarri zuten, eta krisi ekonomikoa, askatasunen murrizketa eta diaspora eragin zituen horrek. Gatazka amaitu orduko, Errepublikaren kausarekin bat egin zuten margolari askok erbestera jo behar izan zuten; esaterko, Aurelio Artetak, Mauricio Flores Kaperotxipik eta Julián de Tellaechek. Jorge Oteiza eta Narciso Balenciaga Amerikara joanak ziren. Nicolás Lekuonak bonbardaketa batean galdu zuen bizitza.


Gerraosteko urte horietan, bestalde, herrialdeko berezko balioetara itzuli zen artea; antzinako tradizioetara eta hizkuntzara. Lurraldean gelditu ziren artistek, gainera, ia ez zuten loturarik izan nazioartearekin, eta horrek izan zuen eraginik artelanen gaietan, ukitu tradizionalaren bidea hartu baitzuten.


Mendearen bigarren erdialdean hasi ziren artistak begirada berriro ere kanporantz zuzentzen, benetan berria zen artearekin nola-halako edozein konexio sortzeko irrikaz. Figurazio espresionistak aurrez izandako posizionamenduak gaitzetsi, eta mugimendu berritzaileak besarkatu zituzten, hala nola art autre (edo Frantziako informalismoa), Ipar Amerikako espresionismo abstraktua eta askoz surrealistagoa zen Alemaniako espresionismoa.


Estatu osoan, kuestionamendu plastiko berrien adierazgarrietan murgildu ziren gure artistak hurrengo bi hamarraldietan. Abstrakzioan kokaturiko hainbat talde sortu ziren: El Paso (1957) eta Dau al set (1948) Madrilen eta Katalunian, eta Gaur Taldea Gipuzkoan. Azken horrek abangoardia kosmopolita eta Euskal Eskolaren tradizioaren berreskurapena bateratzen ditu, eta honako hauek ditu kide: Amable Arias, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta José Luis Zumeta. Guztiak daude Bilduman, bai eta erakusketa honetan bertan ere. Badira erakusketa honetan 50eko eta 60ko hamarkadetan euren obraren hasierako corpusa eraiki zuten beste artista batzuen piezak ere, ildo lirikoagoa dutenak, hala nola Vicente Ameztoy eta Gonzalo Chillida.

     

SALAZAR

 

Dora Salazar

Madonna, 2001

 

Erakusketaren hurrengo etapa 80ko urteetan murgiltzen da. Une horretan, beste bide batzuk hartu zituen Espainiako arteak; ordura artekoarekin zerikusirik ez zuten bideak.


1975ean, Franco hiltzean eta diktaduratik demokraziaranzko trantsizio-prozesua abian jartzean, garapen erradikalagoa izaten hasi zen mundu berri hura. Garai aztoratu eta zoragarri horietatik egin daitezkeen irakurketa guztietatik, artistikoak du funtsezko protagonismoa. Harreman berria sortu zen artearen eta politikaren artean, antifrankismoak utzi egin zion zentzua izateari, eta aski zabalduta zegoen ezjakintasunarekin lan egiten zuten modernitate-korronteak nabariagoak bihurtu ziren.


Artisten belaunaldiak, «euforia plastikoa» deitu genezakeena bultzatu zuen egoera politiko eta ekonomikoaren eraginez, estetika berriaren erreleboa hartu zuen, hizkuntza piktoriko abstraktuen defentsa amorratua eginez. Eta, horiekin batera, figuraziora, kontakizunera eta anekdotara itzuli zen margolari talde bat 80ko hamarkadan.


Ordutik gaur arte, aniztasuna izan da nagusi artearen sorkuntzan. Hainbat joera elkarrekin bizi dira. Euren lanaren koherentzia dela eta, Elena Asíns, Marta Cárdenas, Esther Ferrer, Dora Salazar, Andrés Nagel eta Darío Villalba artistak nabarmentzen dira.
Erakusketa ixteko, sortzaile garaikideen lanak ditugu: José Ramón Amondarain, Koldobika Jauregui, Jesus Mari Lazcano eta Manu Muniategiandikoetxea.

Balio beza hautaketa honek Euskadiko eta Gipuzkoako arteak azken mendean izandako bilakaera ezagutarazteko. Prozesu horretan, lekukoa baino gehiago da Kutxa: protagonista ere bada, erakusketak antolatzen zein bilduma osatzen egiten ari den lanari esker. Zorroztasunez eta ausardiaz dihardu zeregin horretan, zaindu eta zabaldu beharrekoa den ondarea osatuko duten artelanak hautatzen. Gizarteari bere jenio ospetsuenen testigantza itzultzeko modu bat delako hori.

 

Dolores Durán Úcar. Erakusketaren komisarioa